Hasiera / Red Eléctrica konpainiak ekipamendu handiak eramango ditu Bilboko portutik Gatikara, Frantziarekiko interkonexiorako

Red Eléctrica konpainiak ekipamendu handiak eramango ditu Bilboko portutik Gatikara, Frantziarekiko interkonexiorako

Uztailetik urrira bitartean eramango dira, gehienbat gauez, eta administrazioekin koordinatuta, trafikoan ahalik eta eragin txikiena dagoela bermatzeko.
Guztira, 315 tonako zazpi transformadore elektriko izango dira, bakoitza 10 metro luze, 4,7 metro zabal eta 5 metro altu.

Bilbo, 2026ko uztailaren 14a

Redeia enpresaren filiala den Red Eléctrica konpainiak, Espainiako sistema elektrikoa garraiatzearen eta operatzearen arduradunak, neurri handiko ekipamendu batzuk eramango ditu uztailetik aurrera Bilboko portutik Gatikan eraikitzen ari den estazio bihurtzaileraino. Guztira, goi-tentsioko zazpi transformadore elektriko dira, Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikorako.

Red Eléctrica konpainiaren kontratista den HITACHI Energy enpresak itsasontziz garraiatuko ditu transformadore elektrikoak Bilboko itsasadarraren eskuinaldera, eta handik errepidetik eramango dituzte Gatikako azpiestazio bihurtzaileraino.

Ekipamenduen tamainak garraioko neurri bereziak eskatzen ditu. Hori dela eta, Red Eléctrica eta errepide horien ardura duten administrazioak koordinazio osoz ari dira lanean trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko, dentsitaterik txikieneko ordutegiak hautatuz.

Ekipo bakoitzak 315 tona pisatzen ditu, eta 10 metroko luzera, 4,7 metroko zabalera eta 5 metroko altuera dute. Horregatik, banan-banan eta ardatz anitzeko ibilgailu bat erabiliz eraman behar dira Bilboko portutik.

Proiektu europar, estrategiko eta jasangarri baterako ekipoak

Interkonexio elektrikoak Iberiar penintsulako eta Frantziako sistema elektrikoak lotuko ditu 400 kV-eko bi loturen bidez, Gatikatik Frantziako Cubnezais udalerriraino (Bordele inguruan). Guztiz lurpekoa eta itsaspekoa den ibilbidea izango du, ingurunean ahalik eta eragin txikiena izanez.

Interkonexioa oso luzea denez, eta garraioan zehar ahalik eta energia gutxien galtzeko, azpiegitura korronte zuzenean garatzen da (HVDC). Hala, bi muturretan kokatutako estazio bihurtzaileek funtsezko zeregina dute, korronte alternoan jarduten duten bi sistema elektriko konektatzen baitituzte. Estazio horietan instalatuko diren transformadoreak bereziki diseinatuta daude korronte zuzenaren eta korronte alternoaren arteko bihurketa-prozesua errazteko. Ondoren, energia garraio elektrikoaren sarean modu seguruan eta eraginkorrean integratzeko aukera emango dute.

Interkonexioari esker, 2.800 megawattetik 5.000 megawattera handituko da truke elektrikorako ahalmena, hau da, bikoiztu egingo da, Europar Batasunaren interkonexioko helburuetan aurrera egiteko. Proiektuak hornidura elektrikoaren kalitatea eta Iberiar penintsulako eta Frantziako sistemen eraginkortasuna indartuko ditu, eta energia berriztagarrien integrazio handiagoa erraztuko du, klima-aldaketaren helburu nazionalekin eta europarrekin bat etorriz.

Ekimen hau indarreko plangintzaren barruan dago eta Onura Komunerako Proiektua da Europako Batzorderako. Gainera, CINEA agentziaren eta Europako Inbertsio Bankuaren laguntza ekonomiko eta finantzarioa ditu. Red Eléctrica eta bere homologo frantziarra, RTE, partaide dituen Inelfe sozietateak garatzen duen proiektua da.

PRENTSA KONTAKTUA

Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com

PRENTSA-GUNEA

  • Prentsa-oharrak
  • Bereizmen handiko irudiak
  • Marka liburua
  • Ikonografia

Prentsa-gunera joan

BIDEOAK

UE

Argitalpen honetan egilearen iritziak soilik islatzen dira. Europako Batzordea ez da erantzule izango argitalpen honetako informazioari eman dakiokeen ezein erabilerari dagokiolarik.