Hasiera / Energiako Estatu idazkariak eta Redeia enpresako kontseilari ordezkariak Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren lanak bisitatu dituzte

Energiako Estatu idazkariak eta Redeia enpresako kontseilari ordezkariak Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren lanak bisitatu dituzte

Bisitaldian zehar, Gatikako estazio bihurtzailean, lurreko zatian eta itsaspeko kableak jartzeko prozesuan egindako lanen aurrerapena egiaztatu da. Azpiegitura osoa, lurpekoa zein itsaspekoa, dagoeneko % 70ean gauzatu da.
Red Eléctrica enpresak euskal kostaldean itsaspeko kablea jartzeko lehen fasea amaitu du, Danimarkako NKT konpainiak gauzatutako 65 kilometroko tartea, hain zuzen ere.
Interkonexioa estrategikoa da Europarako, eta Espainiaren eta Frantziaren arteko truke elektrikorako ahalmena 2.800 MW-etik 5.000 MW-era handituko du.

Gatika, 2026ko irailaren 8a

Gaur Joan Groizard Energiako Estatu idazkariak eta Roberto García Merino Redeia enpresako kontseilari ordezkariak Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoaren lanak bisitatu dituzte, Bizkaiko Gatika udalerrian. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Mª Soledad Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ere parte hartu dute ibilbidean, eta azpiegitura estrategikoaren aurrerapenaren berri bertatik bertara izan dute; izan ere, dagoeneko % 70ean gauzatu da.

Bisitaldian zehar, proiektuaren arduradunek lurrean zein itsasoan abian dauden jarduera nagusien egoera azaldu dute. Ibilbidearen gune nagusietako bat etorkizuneko Gatikako estazio bihurtzailea izan da. Bertan obra zibila amaitu da eta gaur egun muntaketa elektromekanikoko lanak egiten ari dira. Instalazio hori funtsezkoa izango da itsaspeko eta lurpeko lineako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko eta, hala, garraio elektrikoaren sarean integratu ahal izateko.

Azpiegituraren lurreko tartearen aurrerapena ere ezagutu dute erakundeetako ordezkariek, normaltasunez egiten duena aurrera. Lurreko ibilbide guztia lurpetik joango da, hiriguneak saihestuz eta, ahal den guztietan, dagoeneko dauden pistak eta bideak aprobetxatuz, lurraldearen gaineko eragina ahalik eta gehien gutxitzeko.

Aldi berean, Red Eléctrica enpresak duela gutxi amaitu du joan den abuztuan hasitako euskal kostaldean itsaspeko kablea jartzeko lehen fasea. Kableen hornitzailea ere den Danimarkako NKT konpainiak Victoria kable-ontziarekin gauzatutako 65 kilometroko tartea instalatu dute lehen lan horri esker. Laster linea jartzen jarraitzeko kanpaina berri bat hasteko asmoa dago, kasu honetan Prysmian konpainiaren eskutik.

Guztira, interkonexioak lau itsaspeko kable izango ditu. Gainera, paralelo joango diren zuntz optikoko kableak jarriko dira, azpiegitura operatzeko. Itsasoko lanak euskal eta frantziar kostaldeen artean, Bordeletik gertu, gauzatuko diren hainbat kanpainatan egingo dira, uda honetatik 2027ko udara bitartean.

Bisitaldiari esker, azpiegituraren ingurumen-diseinuaren garrantzia ere nabarmendu da; izan ere, ingurunean duen aztarna minimizatzeko sortu da. Zulaketa gidatuak erabiltzen dira lur-itsaso loturarako; teknika horrek itsasertzeko habitatak babesteko aukera ematen du. Era berean, Gatikako estazio bihurtzailea lehen zegoen azpiestazioaren ondoan eraiki da, eragin bisuala mugatzeko paisaian integratzeko neurriak erabiliz.

Ikuspegi hori osatzeko, itsas inguruneko ingurumen-azterketak eta -jarraipena egiten dira, Bizkaiko golkoko ekosistema ezagutzeko eta babesteko lanak egiten diren bitartean. Obra amaitutakoan, lurra leheneratu egingo da, eta ikusten diren osagaiak lurreko tartean egongo diren kutxatila txiki bihurtuko dira. Horrez gain, proiektuak Gatika eta Lemoiz arteko bi aireko linea desegitea ekarriko du eta, horri esker, inguruan azpiegitura elektriko gutxiago egongo dira eta jardueraren izaera jasangarria indartuko da.

Redeia enpresaren filiala den Red Eléctrica, Espainiako sistema elektrikoa garraiatzearen eta operatzearen arduraduna, Frantziako RTE homologoarekin batera garatzen ari da interkonexioa, Inelfe baterako sozietatearen bidez.

Espainia eta Europarako azpiegitura estrategikoa

Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioari esker, 2.800 megawattetik 5.000 megawattera handituko da bi herrialdeen arteko truke elektrikorako ahalmena. Ahalmen handiago horrek hornidura elektrikoaren segurtasuna eta kalitatea indartuko ditu, sistema elektrikoen eraginkortasuna hobetzen lagunduko du, energia berriztagarrien integrazio handiagoa erraztuko du eta funtsezkoa izango da Europar Batasunaren autonomia energetikorako.

Azpiegitura Onura Komunerako Proiektua da Europar Batasunerako, eta Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboaren (CINEA) bidez batera finantzatzen da. Gainera, Europako Inbertsio Bankuaren babesa jaso du finantzatzeko, eta horrek indartu egiten du kontinente mailan duen izaera estrategikoa, baita Europako sare elektriko interkonektatuago, seguruago eta jasangarriago baten garapenari egiten dion ekarpena ere.

PRENTSA KONTAKTUA

Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com

PRENTSA-GUNEA

  • Prentsa-oharrak
  • Bereizmen handiko irudiak
  • Marka liburua
  • Ikonografia

Prentsa-gunera joan

BIDEOAK

UE

Argitalpen honetan egilearen iritziak soilik islatzen dira. Europako Batzordea ez da erantzule izango argitalpen honetako informazioari eman dakiokeen ezein erabilerari dagokiolarik.