Cubnezaisen, 2025eko maiatzaren 16an
Gaur ostiralean Roberto García Merino Redeia enpresako kontseilari delegatuak, Xavier Piechaczyk RTE sareko administrazio-kontseiluaren presidenteak, Céline Maquet Blayeko azpiprefetak (Etienne Guyot Nouvelle-Aquitaine eskualdeko prefetaren ordez) eta Jean-Luc Desperiez Cubnezaiseko alkateak Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikorako Cubnezaiseko estazio bihurtzailearen lehenengo harria jarri dute. 2023an hasitako lanen aurrerapena nabarmendu du ekitaldiak, eta berretsi egin du linea 2028an abian jartzeko aurreikusitako egutegia betetzen dela.
Etorkizuneko interkonexioak, Europako Batzordeak Onura Komunerako Proiektu izendatuta, bi herrialdeen arteko truke elektrikorako ahalmena bikoiztea ahalbidetuko du, 5.000 MW-ra iritsi arte, hau da, 5 milioi etxeren kontsumoaren baliokidera. Europaren trantsizio ekologikoaren eta energia-burujabetasunaren erronken aurrean, helburua argia da: Europako hornidura elektrikoaren segurtasuna indartzea eta Frantziako eta Espainiako sare elektrikoen gaitasunei etekina ateratzea bi sistemetan elektrizitate seguruagoa, eskuragarriagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko.
Azpiegitura 2028an abian jarriko da
Lehen harri hori mugarri garrantzitsua da 2023an hasitako lanen aurrerapenean. Cubnezaiseko estazio bihurtzailea, gaur egun Girondan eraikitzen ari dena, eta Gatikakoa, Bizkaian egiten ari dena, izango dira interkonexioaren bi muturrak. 400 km inguruko zirkuitu bikoitzaz lotuta egongo dira; horietatik 300 km itsaspekoak izango dira eta, gainerakoak, lurpekoak, eta Frantziako eta Espainiako sare elektrikoak elkarri lotzeko aukera emango dute, korronte zuzena korronte alterno bihurtuz.
Espainian, azken hilabeteetan, lurreko ibilbidearen zatirako eremua egokitzeko eta Red Eléctrica Gatikan garatzen ari den estazio bihurtzaile berrirako lurrak mugitzeko lanetan aritu dira, hori osatuko duten bi eraikinen obra zibilarekin. Bi eraikinak landarediaz erabat estalita egongo dira, paisaian hobeto integratzeko eta eragin bisuala mugatua izateko. Kostaldetik gertu, Lemoizen, itsasoan lurrez estaltzeko zulaketa gidatuaren lanak ere martxan daude; urtebete inguru barru hasi eta 2027ra arte luzatuko dira.
Frantzian, azpiegitura hau eraikitzeak tokiko onurak ekarriko ditu lurralde eta enpresetarako: 600 milioi euro, eta horietatik 175 milioi hego-mendebaldean bilduko dira (ia % 30a). Estazio bihurtzailearen eraikinak eraikitzen ari dira, eta 2025ean amaitzea aurreikusten da. Ekipo elektrikoak geroago instalatuko dira, 2027ko erdialdera arte, ondoren probaldiari ekiteko. Bi linea elektrikoak instalatzeko behar diren zangen % 50 baino gehiago amaituta dago dagoeneko, baita itsasoko eta lurreko zatien arteko lotura-eremuetako zulaketak ere, Le Porgen (Gironda) eta Seignossen eta Capbretonen (Landak).
«Bizkaiko Golkoan zehar igaroko dena bezalako interkonexioak benetako Energiaren Europako Barne Merkatua sortzeko bidea dira. Izan ere, Europako proiektu bati buruz ari gara. Espainian eta Frantzian, herrialde eta garraio-sarearen kudeatzaile gisa elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa dugu, gure arteko interkonexioak indartzen jarraitzeko, Pirinioetan zehar igaroko diren aurreikusitako bi proiektu berrien bidez ere bai. Esperientziak erakutsi digu denok irabazten dugula», nabarmendu du Roberto García Merino Redeia enpresako kontseilari delegatuak.
«Lehen harri honek erakusten du energetikoki gero eta deskarbonizatuagoa izango den Europarekiko konpromisoa. Interkonexio berriari esker, Frantziako eta Espainiako kontsumitzaileek elektrizitate garbiagoa eta merkeagoa eskuratu ahal izango dute. Lotura gehigarri honek bi herrialdeen arteko elkartasun elektrikoa indartuko du, eta bakoitzaren beharrak hobeto asetzea ahalbidetuko du. Redeia erakundearekin dugun lankidetza eredugarriari esker, urrats bat gehiago eman dezakegu gaur, eta etorkizunera begira jarri», adierazi du Xavier Piechaczyk RTE sareko administrazio-kontseiluaren presidenteak.
Europaren elkartasuna eta energia-burujabetasuna indartzeaz haratago, interkonexioek ekonomia deskarbonizatuagoetarako trantsizioa azkartzen laguntzen dute.
Bizkaiko Golkoaren proiektuak berebiziko garrantzia du Europarako: Onura Komunerako Proiektuen artean, EBko dirulaguntzarik handiena jaso duena da. Ekoizpeneko bitartekoak partekatzeari esker, hornidura elektrikoaren segurtasuna eta kalitatea indartzen dira, bai Frantzian, bai Espainian. Interkonexioak, halaber, energia berriztagarriak hobeto txertatzen laguntzen du eta, hala, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizten dira, Espainiako eta Europako helburuekin bat etorriz.
Lanak Inelfe enpresak egingo ditu (horren jabe dira Red Eléctrica % 50ean eta RTE % 50ean), eta Europako hornitzaile espezializatuen laguntza izango du, hala nola NKT HV Cables eta Prysmian Powerlink itsaspeko kableak jartzeko; FASSET partzuergoa lurpeko kableak jartzeko; eta HITACHI ENERGY/VINCI partzuergoa estazio bihurtzaileetarako.
Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com