• Bizkaiko golkoan zehar igaroko den interkonexioa proiektu garrantzitsua da Europako energia-sistemarako. Izan ere, Iberiar penintsularen eta gainerako Europa kontinentalaren arteko interkonexioaren ahalmena handituko du.
• Ekimenak truke elektrikorako ahalmena bikoiztuko du, 2.800 megawattetik 5.000 megawattera (MW), eta horrek ekarriko du Frantzia, Espainia eta Portugalen arteko hornidura elektrikoaren fidagarritasuna hobetzea.
• Abian jarri ondoren, interkonexioak energia garbiagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa bermatzen lagunduko du milioika herritarrentzako.
• 400 kilometroko guztizko luzerarekin (horietatik 300 km itsaspean), Espainia eta Frantziaren arteko lehenengo itsaspeko interkonexio elektrikoa izango da.
• Onura Komunerako Proiektua da hau, eta Inelfe egiten ari da. Espainiako (Red Eléctrica) eta Frantziako (Réseau de transport d’électricité, RTE) elektrizitatea garraiatzeko sarearen kudeatzaileen baterako jabetzako enpresa da Inelfe, hain zuzen ere.
Europako Inbertsio Bankuak 1.600 milioi euro zuzenduko ditu Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoaren eraikuntza finantzatzera. Europako Inbertsio Bankuak Bizkaiko golkoa proiektura bidaliko duen finantzaketa Espainiako (Red Eléctrica) eta Frantziako (Réseau transport d’électricité, RTE) elektrizitatea garraiatzeko sarearen kudeatzaileei emango dien maileguen bidez egingo da.
Bi aldeek gaur maileguen lehen zatiak sinatu dituzte Europako Inbertsio Bankuak Luxenburgon duen egoitzan. Guztira, 1.200 milioi euro balio dute. Ekitaldian izan dira Nadia Calviño, Europako Inbertsio Bankuaren taldeko presidentea; Dan Jørgensen, Energia eta Etxebizitzako Europako komisarioa; Marc Ferracci, Frantziako Industria eta Energiako ministroa; Miguel González Suela, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako idazkariordea; Beatriz Corredor, Red Eléctrica enpresaren jatorriko sozietatea den Redeia enpresaren presidentea; eta Thomas Veyrenc, zuzendaritza batzordearen kidea eta RTE enpresako Finantza, Estrategia eta Ekonomiako zuzendari nagusia. Europako Inbertsio Bankuaren finantzaketa “Europa konektatu” mekanismoaren esparruan proiektu honi esleitu zaizkion EBren dirulaguntzaren 578 milioi euroei gehitu behar da.
Europako Onura Komunerako Proiektu nabarmena da, non Europako Inbertsio Bankuak, Europako Batzordeak, eta Red Eléctrica eta RTE enpresek ahaleginak batuko dituzten mugaz gaindiko interkonexio elektrikoak eta Europako energia-sistema indartzeko.
“Europako Inbertsio Bankuak Frantzia eta Espainiaren arteko interkonexio elektrikoa sustatzea funtsezkoa da Iberiar penintsulak uharte energetiko izateari uzteko. Hitzarmen honek oso aldaketa garrantzitsua ekarriko du energia txertatzearen ikuspegitik, Europar Batasunaren lehiakortasunerako eta autonomia estrategikorako funtsezko esparrua” adierazi du Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuaren taldeko presidenteak.
“Europak energia-sistema eta -merkatu lotuagoak eta interkonektatuagoak behar ditu. Ezinbestekoa da gure herritarrek hornidura garbi eta egonkorrak izatea bermatzeko, edozein lekutan daudela ere. Hau da, benetan, Energiaren Batasuna”, adierazi du Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako Europako komisarioak. “Poz handiz hartzen dut Europako Inbertsio Bankuak funtsezko proiektu baterako eskaintzen duen finantza-laguntza gehigarria. Azken batean Europako pertsona askoren bizitzak hobetuko ditu, ez bakarrik Pirinioetatik haratago”.
RTE eta Red Eléctrica enpresen baterako jabetzako enpresa den Inelfe eraikitzen ari da Bizkaiko golkoan zehar igaroko interkonexioa, eta 2028an abian jartzea aurreikusten da. Martxan dagoenean, Frantzia eta Espainiaren arteko truke elektrikorako ahalmena ia bikoiztu egingo da, 5.000 MW-era iritsiko arte. Horrek esan nahi du energia garbiagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa izango dela milioika herritarrentzat eta, aldi berean, urtean 600.000 tona CO2 isurtzea saihestuko duela.
Proiektuak Frantzia eta Espainiaren arteko interkonexioaren ahalmena indartuko du, eta Iberiar penintsulari aukera emango dio Europar Batasunak estatu kideei ezarritako interkonexioko helbururantz aurrera egiteko, hau da, 2030 baino lehen instalatutako ekoizpen-ahalmenaren % 15a lortzeko. Bizkaiko golkoaren proiektuak, Baixas-Santa Llogaia lurpeko proiektuarekin eta Argia-Hernani egungo azpiegitura hobetzearekin batera, Iberiar penintsularen eta Europako gainerako herrialdeen arteko interkonexioaren ahalmena handitzen lagunduko du eta, aldi berean, Europar Batasunaren energia-merkatuan hobeto integratzeko aukera emango du.
“Gaur, Europako Inbertsio Bankuaren babesarekin, beste pauso bat eman dugu aurrera proiektu honetan, nazioen arteko zubi honetan, Europako kohesiorako funtsezkoa den ekintza honetan. Horri esker, gure garaiko erronkarik handienari aurre egingo diogu: trantsizio energetikoari, hain zuzen. Hori dela eta, bi herrialdeek lanean jarraitu behar dute, estu-estu, gure loturak indartzeko, eta hori da Pirinioak zeharkatuko dituzten aurreikusitako bi proiektu berrien kasua”, adierazi du Beatriz Corredor Redeia enpresako presidenteak.
“Gaurko sinadura mugarri garrantzitsua izango da Bizkaiko golkoaren proiekturako. Izan ere, Frantziaren eta Espainiaren arteko elkartasuna areagotzeaz gain, ikatz-isuri txikiko elektrizitate-trukeak, Europa osoan lehiakor, garatzen lagunduko du. Europar Batasuneko erakundeekin, hala nola Europako Inbertsio Bankuarekin, eta Europako elektrizitatea garraiatzeko sarearen beste kudeatzaileekin batera, RTE enpresak konpromisoa hartu du Frantziako sare elektrikoa Europako elektrizitate-bidegurutze gisa duen zeregina betetzeko moduan egongo dela bermatzeko, bereziki barneko mugak saihesteko proiektu indargarri nabarmenen bidez, sarea garatzeko gure estrategia berrian ezartzen den bezala”, adierazi du Thomas Veyrenc zuzendaritza batzordearen kideak eta RTE enpresako Finantza, Estrategia eta Ekonomiako zuzendari nagusiak.
Proiektuak indartu egiten du Europako Inbertsio Bankuaren “klimaren banku” zeregina, hori baita Europako Inbertsio Bankuaren taldeko 2024-2027 aldirako ibilbide-orri estrategikoan ezartzen diren zortzi lehentasun estrategikoetako bat. REPowerEU babesteko Europako Inbertsio Bankuaren ekintza-planaren parte ere bada proiektua. Izan ere, aipatutako REPowerEU programaren helburua da segurtasuna areagotzea eta trantsizio energetikoa bizkortzea, Europar Batasunaren erregai fosilen inportazioekiko mendekotasuna murriztuz.
“Hitzarmen hau sinatzea urrats erabakigarria da “Energiaren Batasuna” eraikitzeko eta Europako sistema elektriko osoaren indarra sendotzeko. Ziur nago ez dela azkena izango", adierazi du Miguel González Suela, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako idazkariordeak.
“Oso pozik gaude hemen egoteaz Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren proiektu honen lehen finantzaketa-tartea sinatzeko. Proiektuari esker, 400 km-ko konexioarekin, bi herrialdeen artean elektrizitatea trukatzeko ahalmena bikoiztu ahal izango dugu. Oso garrantzitsua da, Espainiak eta Frantziak gure ekonomien deskarbonizazioan haratago joateko duten asmoa eta Europaren segurtasun energetikoaren erronkari aurre egiteko beharrezkoa den elkartasuna islatzen baitu”, esan du Marc Ferracci Frantziako Industria eta Energiako ministroak.
Proiektu garrantzitsua
Bizkaiko golkoan zehar igaroko den interkonexioa Onura Komunerako Proiektua da Europar Batasunerako, eta Red Eléctrica eta Réseau de transport d’électricité (RTE) enpresen baterako jabetzako Inelfe enpresak gauzatuko du. Europako Inbertsio Bankuak gaur iragarri duen maileguaz gain, “Europa konektatu” mekanismotik 578 milioi euroko dirulaguntza jaso du proiektuak.
Konexioak korronte alternoko bi sistema lotuko ditu korronte zuzeneko itsaspeko linea baten bidez. Konexioaren mutur bakoitzean, Cubnezaiseko (Frantzia) eta Gatikako (Espainia) estazioek korronte zuzena korronte alterno bihurtuko dute, Espainiako eta Frantziako garraio-sareetara lotzeko.
Proiektuaren diseinua prozesu ireki eta parte hartzekoaren bidez garatu da, ahalik eta adostasunik handiena lortzeko eta teknikaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik aukerarik onena bermatzeko helburuarekin.
2015ean Europako hego-mendebaldeko interkonexioetarako goi-mailako taldea sortu zen Espainiaren, Frantziaren eta Portugalen artean, Europako Batzordearen laguntzarekin, eta funtsezko zeregina izan du Bizkaiko golkoaren proiektua bultzatzeko unean.
Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.
Europako Inbertsio Bankua erakunde nagusietako bat da Europako segurtasun energetikoa eta sareak finantzatzeari dagokionez
2024an, Europako Inbertsio Bankuaren taldeak 31.000 milioi euro zuzendu zituen guztira Europar Batasuneko segurtasun energetikoa babestera, besteak beste, energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriak, biltegiratzeko sistemak eta sare elektrikoak. Aurreikuspenen arabera, proiektu horiek 100.000 milioi euro baino gehiago mugiaraziko dituzte inbertsioetan. 8.500 milioi euro bidali ziren sare elektrikoen eta biltegiratzearen proiektuak finantzatzeko, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago. Finantzaketa honek sare elektrikoak zabaltzen, modernizatzen eta digitalizatzen lagunduko du, sendotasun handiagoa emanez eta iturri berriztagarrien txertaketa handiagoa eta hobea ahalbidetuz.
Espainian, segurtasun energetikoko proiektuen finantzaketa Europar Batasuneko beste edozein herrialdetakoa baino handiagoa izan zen 2024an, guztira 5.000 milioi euro baino gehiagoko balioarekin. Inbertsioetan 15.000 milioi euro baino gehiago mugiaraztea aurreikusten da. Epe berean, 1.540 milioi euro zuzendu ziren sareen eta biltegiratzearen proiektuetara, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago gutxi gorabehera.
Frantzian, segurtasun energetikoko proiektuen finantzaketa 3.600 milioi euro ingurukoa izan zen 2024an. Horietatik, 400 milioi euro sareen eta biltegiratzearen proiektuetara bideratu ziren; 3.200 milioi euro, berriz, energia berriztagarriko eta energia-eraginkortasuneko proiektuetara bideratu ziren, besteak beste.
Azken 5 urteetan (2019-2024 aldia), Europako Inbertsio Bankuak 16.700 milioi euro finantzatu ditu Espainiako energiako proiektuetan, eta 17.700 milioi euro Frantziako energiako proiektuetan.
Europako Inbertsio Bankuak energiaren sektoreari ematen dion laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.
Informazio orokorra
Europako Inbertsio Bankua
Europako Inbertsio Bankua Europar Batasunaren epe luzerako finantzaketarako erakundea da. Akziodunak bertako estatu kideak dira. Funtsezko zortzi lehentasunak erreferentziatzat hartuta, EBren helburu estrategikoei laguntzen dieten inbertsioak finantzatzen ditugu, klimaren eta ingurumenaren aldeko ekintzak, digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa, segurtasuna eta defentsa, kohesioa, nekazaritza eta bioekonomia, azpiegitura sozialak, kapitalen merkatuen batasuna eta Europa sendoagoa mundu baketsuago eta oparoago batean bultzatuz.
Europako Inbertsio Bankuaren taldeak, Europako Inbertsio Funtsa ere barne hartzen duena, ia 89.000 milioi euroko finantzaketa berria sinatu zuen 2024an eragin handiko 900 proiektu baino gehiagotarako, Europako lehiakortasuna eta segurtasuna bultzatzeko asmoarekin.
Europako Inbertsio Bankuaren taldeak finantzatutako proiektu guztiak bat datoz Parisko Hitzarmenarekin, klimaren bankuaren ibilbide-orrian jasotzen den bezala. Europako Inbertsio Bankuaren taldearen urteko finantzaketaren ia % 60a zuzenean klima-aldaketa arintzen eta horretara egokitzen eta ingurune osasungarriagoa sortzen laguntzen duten proiektuak babestera.
Espainian, Europako Inbertsio Bankuaren taldeak 12.300 milioi euroko finantzaketa berria sinatu zuen 2024an eragin handiko 100 proiektu baino gehiagotarako. Frantzian, bere aldetik, Europako Inbertsio Bankuaren taldeak 12.600 milioi euroko finantzaketa berria sinatu zuen 2024an eragin handiko 100 proiektu baino gehiagotarako ere. Finantzaketa bi herrialdeen trantsizio ekologiko eta digitalari, hazkunde ekonomikoari, lehiakortasunari eta herritarrentzako zerbitzuen hobekuntzari laguntzen ari da.
Gure egoitzaren gaur egungo kalitate handiko argazkiak hemen aurki ditzakezu, komunikabideetan erabiltzeko.
Red Eléctrica
Red Eléctrica Espainiako sistema elektrikoaren garraio-sarearen kudeatzailea da, eta Redeia enpresaren zatirik nabarmenena. 1985. urteaz geroztik, Red Eléctrica enpresak Espainiako horniduraren segurtasuna bermatzen du, garapen sozial eta ekonomikoa bultzatuz. Orain, herrialdeko trantsizio energetikoaren oinarria ere bada. www.ree.es
Réseau Transport d’Électricité
Frantziako elektrizitatea garraiatzeko sarearen kudeatzaileak, RTE enpresak, zerbitzu publiko bat eskaintzen du: Frantzia osoan elektrizitatearen hornidura etengabea bermatzea, zerbitzu maila berarekin, 10 025 langileren lanari esker. RTE enpresak elektrizitate-fluxuak kudeatzen ditu, ekoizpena eta kontsumoa denbora errealean orekatuz. RTE kudeatzaileak goi-tentsioko eta goi-tentsio handiko (63 000 eta 400 000 volt bitartean) sarea mantentzen eta garatzen du. Gutxi gorabehera 100 000 kilometro aireko linea, 7 000 kilometro lurpeko linea, 2 900 azpiestazio (batzuk batera operatuta) eta mugaz gaindiko berrogeita hamar linea inguru ditu. Frantziako sarea, inguruko herrialdeekin 37 interkonexio dituena, Europako handiena da. RTE trantsizio energetikoaren eragile industrial askea eta neutrala da, eta sarea optimizatzen eta eraldatzen du kontsumitzaile berriak eta karbono-isuri gutxiko elektrizitatea sortzeko instalazioak konektatzeko.
Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com