Hasiera / Red Eléctrica enpresak Bizkaiko Golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren lurpeko linearen lanak hasi ditu

Red Eléctrica enpresak Bizkaiko Golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren lurpeko linearen lanak hasi ditu

Bizkaiko ibilbidea lurpekoa da guztiz 13 kilometrotan, hiriguneak saihesten ditu une oro eta mendi- eta baso-bideak aprobetxatzen ditu.
Gatika eta Lemoizen arteko 10 kilometroko bi linea elektriko eraistea ere ekarriko du interkonexioak.
Bi sistema elektrikoetan horniduraren segurtasuna eta kalitatea indartzeko, energia berriztagarrien txertaketan aurrera egiteko eta eraginkortasuna handitzeko balioko du proiektuak.

2025eko ekainaren 10a

Red Eléctrica erakundeak, Espainiako sistema elektrikoaren garraioaz eta eragiketaz arduratzen den Redeia enpresaren filialak, aste honetan hasi ditu Bizkaian Frantziarekin Bizkaiko Golkoan zehar egingo den interkonexio elektriko berriaren lurreko zatiaren lanak.
1,5 metro inguruko sakonerako bi zanga egingo dira 13 kilometroko ibilbidean zehar, Gatika, Maruri-Jatabe eta Lemoiz udalerrietatik, hau da, Gatikako estazio bihurtzaile berritik itsasora iritsi arte. Hiriguneak une oro saihesteko diseinatu da ibilbidea, gehienetan mendi- eta baso-bideak aprobetxatuz. Lurreko lanak amaitutakoan, ingurua leheneratuko da guztiz. Ikusgai geratuko dira bakarrik zenbait kutxatila txiki, bat 500 metrotik behin.
Gatikako estazio bihurtzaile berriaren obra zibila hastea ahalbidetu duten hainbat hilabetetako aurrerapenen ostean iritsi da gauzatzearen fase berri hau. Halaber, kostaldetik gertu, Lemoizen, itsasoan lurrez estaltzeko zulaketa gidatuaren lanak ere martxan daude. Aurreikusten da kableak urtebete inguru barru jartzen hasiko dela, eta 2027ra arte luzatuko dela prozesua.
Lanak hasi zirenetik, Red Eléctrica tokiko administrazioekin elkarlanean ari da eremuen ohiko erabileretan duen eragina mugatzeko. Era berean, jardueren bilakaerari eta lanak egiteko mugatutako eremuetan aldi baterako sor litezkeen mugei buruzko etengabeko informazioa ematen ari da.
Diseinu jasangarria eta adostua
Interkonexioaren proiektuaren diseinua prozesu ireki eta parte hartzekoaren bidez garatu da, ahalik eta adostasunik handiena lortzeko eta teknikaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik aukerarik onena bermatzeko helburuarekin. Horiek horrela, errepideak eta ibaiak zeharkatzeko eta lotura lurrez estaltzeko itsasoan, zulaketa gidatuaren teknika erabiliko da, inguruneari eta eremu horien ohiko erabilerei kalterik ez eragiteko. Gainera, Gatikako estazio bihurtzailearen kokalekua aukeratzeko, hiriguneetarainoko tartea ahalik eta handiena dela ziurtatu da, eta inguruko floran eragina ahalik eta txikiena dela bermatu da. Azpiestazioaren eraikinak landarediaz estalita egongo dira, paisaian hobeto integratzeko eta eragin bisual mugatua izateko.
Proiektuak, halaber, ingurumeneko eta gizarteko hobekuntza handiak dakartza. Alde batetik, Gatikatik Lemoizera doazen 10 kilometroko aireko bi linea elektriko eraitsiko dira, eta horrek inguruko eragin bisuala murriztuko du eta jatorrizko itxura berreskuratuko du. Bestetik, Bizkaian eta Euskadin jarduera, hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren hazkundea sustatzen lagunduko du, euskal enpresa asko baitira lan eta horniduren esleipendunak.
Proiektuak Espainiako eta Frantziako sistema elektrikoak lotuko ditu 400 kV-eko bi loturen bidez, Bizkaiko Gatikatik Frantziako Cubnezais udalerriraino (Bordele inguruan). Guztiz lurpekoa eta itsaspekoa den ibilbidea izango du, ingurunean ahalik eta eraginik gutxiena izanez. Lemoizeko kostaldetik, interkonexioak 300 kilometro ditu korronte zuzeneko itsaspeko lotura baten itxuran Frantziako kostalderaino, Capbretoneko itsaspeko arroila saihesteko Frantzian dagoen lurpeko tarte labur bat izan ezik. Amaitzeko, Frantzian 80 kilometro ditu lurretik Cubnezaiseko estazio bihurtzaile berriraino.
Onura Komunerako Proiektua 
Proiektu estrategiko bat da Europarako, garraioa, energia eta klimaren aldeko jarduerari lotutako Europar Batasuneko finantzaketako programetako kapituluak aplikatzen dituen CINEA agentziak ere, hau da, Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboak, finantzatuta. Gainera, Onura Komunerako Proiektu izendatu dute Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak.
Red Eléctrica eta RTE enpresek, Inelfe erakundearen bidez % 50ean, bultzatutako interkonexio berriak bi herrialdeen arteko truke elektrikorako ahalmena bikoiztea, 5.000 MW-ra iritsi arte, ahalbidetuko du, eta horrek balioko du bi sistema elektrikoetan horniduraren segurtasuna eta kalitatea indartzeko, energia berriztagarrien txertaketan aurrera egiteko, herrialdeetako eta Europako energia- eta klima-helburuekin bat etorriz, eta bi sistemen eraginkortasuna handituko du, aurrezteak sortuz kontsumitzaileen mesedetan. Horrez gain, interkonexioko helburuetan aurrera egingo da, funtsezkoak Europako sistema elektriko komuna sendotzeko eta Europaren autonomia estrategikorako.

PRENTSA KONTAKTUA

Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com

PRENTSA-GUNEA

  • Prentsa-oharrak
  • Bereizmen handiko irudiak
  • Marka liburua
  • Ikonografia

Prentsa-gunera joan

BIDEOAK

UE

Argitalpen honetan egilearen iritziak soilik islatzen dira. Europako Batzordea ez da erantzule izango argitalpen honetako informazioari eman dakiokeen ezein erabilerari dagokiolarik.