Hasiera / Red Eléctrica enpresak Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren itsaspeko kablea jartzeko lanak hasi ditu

Red Eléctrica enpresak Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexioaren itsaspeko kablea jartzeko lanak hasi ditu

NKT Victoria kable-ontziak Lemoizeko udalerritik kablea jartzen hasi da; beste gertaera garrantzitsu bat interkonexioaren obretan.
Itsasoko lanak hainbat fasetan egingo dira uda honetatik 2027ko udara arte.
Red Eléctrica enpresak itsas ingurunean espezializatutako AZTI zentro teknologikoarekin lankidetzan dihardu, eta bioaniztasuna babesteko ekimenak garatzen ditu harekin.

Bilbo, 2026ko abuztuaren 3a

Redeia enpresaren filiala den Red Eléctrica, Espainiako sistema elektrikoa garraiatzearen eta operatzearen arduraduna, Bizkaiko golkoan zehar igaroko den Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikorako itsaspeko kablea jartzen hasi da. Frantziako RTE homologoarekin batera garatzen ari da proiektua, Inelfe baterako sozietatearen bidez. Une garrantzitsua da azpiegitura estrategiko hau gauzatzeko prozesuan. Izan ere, Iberiar penintsulako eta Frantziako sistema elektrikoak lotuko ditu guztiz lurpekoa eta itsaspekoa den ibilbide baten bidez.

Itsaspeko kableak lau izango dira guztira. Gainera, paralelo joango diren zuntz optikoko beste batzuk jarriko dira, azpiegitura operatzeko. Itsasoko lanak euskal eta frantziar kostaldeen artean, Bordeletik gertu, gauzatuko diren hainbat kanpainatan egingo dira, uda honetatik 2027ko udara bitartean. Proiektua hasi zenetik, Red Eléctrica administrazioekin eta arrantza-sektorearekin lankidetza eta koordinazio estuan ari da lanean, azpiegitura eta lanak lurraldeari, ingurumenari eta gizarteari ahalik eta gehien egokitzen zaizkiela ziurtatzeko.

Euskal kostaldetik kablea jartzeko lehen fasea, 65 km-ko ibilbidea, Danimarkako NKT enpresa gauzatzen ari da Victoria kable-ontziarekin. Kableen hornitzailea da ere bai.

Munduan lan hori egiteko gai den ontzi bakarrenetakoa da. 140 metroko luzera eta 11.000 tonako edukiera ditu. Era guztietako inguruneetan itsaspeko loturak ezartzeko diseinatuta dago; berdin dio ozeanoaren sakonera handietan edo kostaldetik gertuen dauden eremuetan den. Edukiera horri esker, kableak jar ditzake ontzi osagarririk erabili beharrik izan gabe.

Hala, NKT Victoria ontziak 140 metroko sakonera duten zatietan ere kableak jartzeko aukera du. Azpimarratu behar da kableak lurperatuta edo harriz estalita joango direla luzera osoan, hareazkoa edo harritsua den itsas hondoaren arabera. Guztira 276 km-ko itsaspeko tartea izango da, tartean 27 km-ko lurpeko tarte labur batekin, non kableak lurretik igarotzen diren Frantzian, Capbretoneko itsaspeko arroila saihesteko, eta ondoren itsasora itzuliko diren.

Itsaspeko loturaren lur-itsaso lotura

Itsaspeko linea jarri baino lehen, Red Eléctrica enpresak “lurreratzea” izeneko obra zibil berezia egin du, hau da, lurpeko tartea itsasora ateratzea, Lemoizko udalerrian gauzatu den zailtasun tekniko handiko fasean. Horretarako, kilometro bat baino pixka bat gehiagoko lau zulaketa gidatu egin dira itsaslabarraren azpitik, kostaldetik 500 bat metrora itsas hondora irten arte, ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta gehien murrizteko.

Gauzak horrela, jarraian kableak euskal kostaldetik Gatikan dagoen estazio bihurtzaileraino eraman ahal izango dira lurpeko tartearen bidez, eta Frantziako kostaldetik Cubnezaiseko estazio bihurtzaileraino, Bordele inguruan.

AZTIrekin elkarlanean

Red Eléctrica sareak lurraldearekin adostuz eta jasangarritasuneko irizpideak kontuan hartuz diseinatu du interkonexioaren ibilbidea, paisaiaren gaineko eragina minimizatzeko eta igarotzen den eremuetako landaredia eta fauna ahalik eta gehien babesten direla ziurtatzeko.

Gainera, proiektuak itsas ingurunean espezializatutako AZTI zentro teknologikoaren laguntza du, uretako ekosistemaren inguruko eskarmentua eta ezagutza ematen dituena. Hala, Red Eléctrica enpresak eta AZTIk ingurumena ikertzeko eta jarraitzeko ekimen bat garatu dute, ibilbidearen eragin-eremuan itsas ugaztunen eta merkataritza-intereseko arrainen agerpena monitorizatzeko.

Frantziarekiko interkonexio elektrikoari buruz

Interkonexioa, guztira, % 60an gauzatu da. Horri esker, 2.800 megawattetik 5.000 megawattera handituko da bi herrialdeen arteko truke elektrikorako ahalmena. Ahalmen handiago horrek hornidura elektrikoaren segurtasuna eta kalitatea indartuko ditu, sistema elektrikoen eraginkortasuna hobetzen lagunduko du, energia berriztagarrien integrazio handiagoa erraztuko du eta funtsezkoa izango da EBren autonomia energetikorako.

Ekimena Onura Komunerako Proiektua da Europar Batasunerako, eta Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboaren (CINEA) bidez batera finantzatzen da. Bestalde, Europako Inbertsio Bankuaren babesa ere jaso du proiektuak.

PRENTSA KONTAKTUA

Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com

PRENTSA-GUNEA

  • Prentsa-oharrak
  • Bereizmen handiko irudiak
  • Marka liburua
  • Ikonografia

Prentsa-gunera joan

BIDEOAK

UE

Argitalpen honetan egilearen iritziak soilik islatzen dira. Europako Batzordea ez da erantzule izango argitalpen honetako informazioari eman dakiokeen ezein erabilerari dagokiolarik.